Archive | Sin categoría

Abenturazale onenek ere Ekainberrin biziraupen teknikak ikasten dituzte

Asteburu honetan Ekainberrik gonbidatu oso berezien bisita jaso du, abenturazale ezagun eta mendi munduko talde bat, ekainberri_bisita_martxoak12Zestoara hurbiltzeko egun batez Himalaia eta urrutiko beste txokoak alde batera utzi eta gero. Ekaingo erreplika bisitatu eta euskal kostaldeko labar pintura ikusgarrienak ezagutu ondoren, taldeak Ekain
Abentura esperientzia bizi izan du.
Bisitaren zati horretan egur eta harriekin sua egin eta ehiza teknikak hobetzeko aukera izan dute, etorkizuneko espedizioetan oso erabilgarriak egingo zaizkien trebetasunak.
Continue Reading →

0

“Lilitarren ohorea”: antzezlan berriaren estreinaldia

Neguko atsedenaldiaren ondoren, Lili Jauregiak ostiral honetan, martxoak 27an, irekiko ditu berriro bere ateak eta martxoaren 28tik aurrera edonorentzat zabalik izango da.Después del descanso invernal, el Palacio Lili vuelve a abrir sus puertas este viernes, 27 de marzo, y estará abierto a todos a partir del 28 de marzo.

2013ko martxoan jarri ziren lehen aldiz bisita antzeztuak martxan Lili Jauregian, aukeraturiko lana “Agur Lili” izan zen. Esperientzia arrakastatsua eta paregabea izaten ari zen, baina produktua eraldatzeko beharra ere ikusten zen, hausnarketa horren emaitza izan diraa azken ia hiru hilabeteetako geldialdia eta orain estreinatzen dugun “Lilitarren ohorea” pieza berria, www.lilijauregia.com web orrian ikusgarri.10
Lili Jauregian zerbait izugarria gertatu da eta Andre Madalen zeharo lur jota dago, horren lekuko antzezlanaren trailerra .
Bisitak asteburuetan eta jai egunetan izango dira, euskaraz edo gazteleraz kasu bakoitzean, bisitari kopurua mugatua denez, aurretik 943 868811 telefono zenbakian erreserba egitea gomendatzen da.
Bizi ezazu esperientzia desberdin bat inguru historiko paregabe batean!!!

0

Erlaitz haitzuloan labar arte paleolitikoko grabatuak aurkitu dira

ErlaitzGutxienez, zortzi animalien grabatuak ikus daitezke, zaldi, orein eta uroak. Danbolinzuloko aurkikuntza egin ondoren, eta zenbait haitzulo berrikusten ari zirela, Antxieta Elkarteko kideek egin zuten aurkikuntza. Grabatuen data zehatzik ez badago ere, orain 22.000 eta 15.000 urte bitartean egindakoak dira. Era honetan, Erlaitz, Danbolinzulo (zaharragoa) eta Ekain (berriagoa) artean kokatuko litzateke. Ikerne Badiola Kulturako diputatuak esan du aurkikuntza horiek agerian utzi dutela Deba eta Zestoa inguruetan dagoen kultur paisaia berria modu zabal eta bateratuan babesteko beharra.

Zestoan dagoen Erlaitz leizean Labar arte paleolitoko grabatuak aurkitu dituzte Antxieta elkarteko kideek. Orain hilabete pasatxo Danbolinzulon egindako aurkikuntzaren ondoren, aurrez ezagutzen ziren beste kobazuloetan berriro begiratzeko grina piztu zieten Antxietako lagunei, eta horren ondorio da aurkikuntza garrantzitsu hau.
Orain gutxi arte, Ekaingo margoak bakarrik ezagutzen ziren inguru horretan, eta Danbiolinzuloko pinturak duela gutxi eta orain Erlaitzen aurkitutako grabatuek paisaia kultural berri bat utzi dute agerian.
Aurkikuntza oso garrantzitsua da:
– Gutxienez 8 animalien grabatuak (zaldi, uro eta oreinak) baieztatu dira, eta beste batzuen zantzuak ikus daitezke. Eta honi material arkeologikoa gaineratu behar zaio.
– Barrunbearen erabilera bi garai ezberdinetara zabaltzen da. Goi Paleolitoan bizileku bezala, eta Kalkolitiko edo Brontze Garaian ehortz-leku moduan.
– Garaiari dagokionez, ez dago erabateko akordiorik mota honetako grabatuak noizkoak diren zehazteko orduan, baina 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen dira.

Horrek esan nahi du Danbolinzulo eta Ekain artean kokatzen dela, Danbolinzulo baino berriagoa, baina Ekain baino zaharragoa.
Ikerne Badiola KUltura, Gazteria eta Kirol diputatuak aurkikuntza horiek paisaia kultural berria osatzen dutela azpimarratu du, eta, ondorioz, neurriak hartu behar direla: Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa,… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula. Paisaia Kulturala erabat aldatu da, orain arte bakarrik ezagutzen genuen Ekain haitzuloari, Danbolinzulo eta orain Erlaitz batu zaie. Baina ez dira inguruan dauden bakarrak, Praileaitz eta Astigarraga kobazuloak ere bertan daude. Gauzak horrela modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian gelditzen da. Orain arte Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua Ekainberri erreplika erreferentzia hartuta. Sei urte pasa dira sortu zenetik, osasuntsu dago fundazioa, baina muga berriak jartzeko ordua izan daiteke.

Aurkikuntza
Erlaizko barrunbea Ekainekotik oso hurbil dago, Zestoa eta Debako udalerrien mugatik oso gertu. Zientifikoki, 1978. urteaz geroztik ezaguna da haitzulo hori, garai horretan Antxieta Jakintza Taldeko kide batzuk paleolito eta paleolito ondorengo materialak berreskuratu baitzituzten. Danbolinzuloko aurkikuntza egin ondoren, eta zenbait haitzulo berrikusten ari zirela, talde bereko kide batzuk animalia irudiak grabatuta zituen panel bat aurkitu zuten. Ondoren (2015eko otsailak 1), kide horietako batzuk eta Alvaro Arrizabalaga, Marcos Garcia Diez eta Mª Jose Iriarte (Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeko eta Ikerbasque Fundazioko kideak) haitzuloa ikustera joan ziren eta aurkikuntza benetan historiaurrekoa zela egiaztatu zuten. Aurkikuntzaren berri eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak barrunbea itxi zuen, etorkizunean ondo zainduta egoteko eta aztertu ahal izateko beharrezkoak diren babes neurriak ezartzearren.

Eduki arkeologikoa
Ezagutza zientifikoaren bi esparru hartzen ditu: jasotako material arkeologikoak, alde batetik, eta labar-artea, bestetik. Lehenengoei dagokienez, haitzulo hori bi une desberdinetan erabili dela egiazta daiteke. Aurreneko aldia Goi Paleolito garaian, habitat modura; eta gero, oraindik zehaztu ezin den Kalkolito edo Brontze Aroan zehar hilobi-erabilerarekin.
Bestalde, barrunbeko labar-arteaz dakiguna oso azalekoa da oraingoz, bisita bakar batean lortutakoa baino ez baita. Bistakoak diren 8 animalia irudi gutxienez antzeman dira (zaldiak, oreinak eta uroak), eta horiei gehitu behar zaizkie, seguruenik, beste batzuk, baina une honetan egoera kaxkarrean daude ondo antzemateko. Oso sarbide zaila duen harrizko panel baten gainean grabatuta daude irudi horiek, harrizko instrumentu batekin eta zabalera ertaineko marrarekin (2-3 mm). Haitzuloaren beste alde batzuetan marra beltz batzuk eta koloregai gorrizko kontzentrazioak antzeman dira, oraindik ikerketa zehatzik egin gabe.

Garrantzia zientifikoa
Erlaizko horma-irudiek antzekotasunak dituzte Kantauri aldeko beste barrunbe batzuetakoekin. Antzekotasun nabarienak Monte Castilloko haitzuloetan ageri dira, bai Castilloko Haitzuloan bertan, bai inguruan dauden Las Chimeneas eta La Pasiegan. Euskal Autonomia Erkidegoan, Bizkaian dagoen El Rincon haitzuloan daude antzekotasun gehien dutenak. Ez dago adostasunik era horretako grabatuen adskripzio kronologikoa egiteko garaian, baina ohikoa da, zenbakiz ari garenean, batez beste 22.000 eta 15.000 urte artean ipintzea. Horren ondorioa da Erlaizko haitzuloa inguruan dituen Danbolinzulo (zaharrena) eta Ekain (berriagoa) haitzuloen artean kokatuko litzatekeela kronologikoki.

Etorkizunari begira
Erlaitzek informazio zientifiko asko eskain dezake ezagutzeko nolakoak ziren Goi Paleolitoko lehenengo giza talde ehiztari-biltzaileak, horien adierazpen grafiko eta sinbolikoen inguruan ez baita askorik ezagutzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasiera batean, barrunbea itxi egin du egoera onean iraungo duela bermatzeko, eta horren ostean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, zuloa osorik aztertzeko proiektu bat diseinatzen ari da, xede hauekin: bertan egon diren giza taldeen eta garatu duten labar-artearen berri izatea, eta, etorkizunean ondo zainduko dela bermatu ahal izateko kontrol neurri batzuk zehaztea.

0

Chauvet: iraultza labar artean

1994ko abenduan, hiru espeleologo kobazulo bat ikertzera sartu ziren Ardècheko departamenduan, Vallon-Pont-d´Arc komunatik hurbil. Irtetera zihoazenean, euretako batek mamut txiki gorri baten irudia ikusi zuen. Lekuari aurkitzaileetako baten izena jarri zioten.

animalscave2chauvet
Bi asteren buruan, margoak Historiaurrekoak zirela ziurtatu zen eta mantentzeko babes neurriak hartu ziren, lehena kobazuloa itxi eta zaintzapean jartzea.
Bertan mota desberdinetako ehunka animalia irudi katalogatu dira, labar artean arraroak diren gaiak nagusitzen dira, lehoiak, mamutak eta errinozeronteak gailenduz, Europa mailan oso nekez agertzen diren espezieak. Eskuen inprimatzeak eta zeinu abstraktuak ere ohikoak dira. chauvetpansm
Margorik bereziena ordea, emakume gorputza eta bisonte burua dituen irudi bat da, irudi kimeriko bat izan daiteke.
Irudiei interpretazio errituala eman izan zaie, azti edo xaman baten lana izan daitezkeela pentsatzen da.
Bigarren ezustekoa datatzeekin iritsi zen, badirudi Chauvetek bi okupazio aldi nagusi izan zituela, lehena Aurignac aldian (32.000-30.000 urte), irudi gehienak garai horretakoak lirateke eta horrek Europako labar arterik zaharrena dela adierazten du. Gravete aldian (27.000-25.000 urte) bigarren okupazio aldi bat izango zen, garai horretakoak lirateke buztin bigunean aurkituriko haur baten oinatzak.rino chauvet
Momenturen batean, haitzuloaren ahoan harri jauzi bat izan zen eta bere sekretuak babestuta geratu ziren milaka urtetarako.
Irudiez aparte, aztarna arkeologiko asko eta fosilduriko animalia hezur ugari aurkitu dira, baita hartzen hobiak eta euren hatzaparren markak ere.
2014ko ekainaren 22an UNESCOk Chauvet Gizateriaren Ondare izendatu zuen, tamaina errealean eginiko erreplika baten proiektua martxan dago.

0

Lascaux: labar artearen katedrala

Europan Paleolitoko labar artearen lehen erreferentzietako bat Dordoinako Montignac-en kokaturiko Lascaux haitzuloa da. Vézerè haranean aurkitzen da, mundu osoan Historiaurreko labar arte adierazpen eta bizileku kontzentrazio handienetako bat duen eremuan.Lascaux 1lascaux-horses
Irudiak 1940ko irailean aurkitu zituen zakur baten bila kobazulo batean sartu zen mutil talde batek, ikusi zuten lehen margoa bisonte baten aurrean hildako gizaki bat izan zen.
Adierazpen kopuru itzela gordetzen du, 1.500 grabatu eta 600 margo dokumentatu dira, besteak beste 364 zaldi, 90 orein, uroak, bisonteak, felidoak, txori bat, hartz bat, errinozeronte bat eta gizaki bat, hainbat zeinurekin batera. Bitxikeria moduan, ez da elur oreinik ageri, nahiz eta hau zen beraien elikaduraren oinarria.
Irudiak duela 17.300-17.000 urte ingurukoak izan daitezke, Madeleine aldiaren hasierakoak, zenbait zaharragoak ere izan daitezkeen arren. Tamaina handiko animalia irudiek erakartzen dute arreta eta parterik ezagunena Zezenen Areto Handia da.
1948an Lascaux publikoarentzat ireki zen, urtean 1.200 bisitari inguru hartuz. Horrek irudietan sortzen zuen kaltea argi gelditu zen 1956rako, 1963an itxi egin zuten eta margoak jatorrizko egoerara bueltatu, eguneroko jarraipena eginaz.
1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Vézerè haraneko beste zenbait lekurekin batera. 1983an Lascaux II ireki zen, kobazuloko irudi esanguratsuenak jasotzen dituen erreplika.
2000an kobazuloko aireztatze sistema zaharberritu zen, baina aldaketak espazioaren barne oreka apurtu zuen eta irudiak oso azkar hondatzen hasi ziren, desagertze arrisku larrian jarriz. Horregatik, 2008an UNESCOk Lascaux desagertze arriskuan dauden Gizateriaren Ondare elementuen zerrenda gorrian sartu zuen.

0

Helbidea:

Portale kalea 1

20740 Zestoa (Gipuzkoa)

Telefonoa: 943 868811 Fax: 943 868812

e-posta: info(a bildua)ekainberri.com

www.ekainberri.com