ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK 2018 – EKAINBERRI

Pasa den urriaren 26an, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Danbolinzulo kobara bisita gidatua antolatu genuen Ekainberrin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Aurtengo Ondarea, Emakumeen Emaria leloa geure egin genuen eta Zestoako Agiro Mendi Klubaren pausoak jarraituz abiatu ginen arratsaldeko 15:00ak pasata kobarako bidean.
Zestoako ondare kultural aberatsaz gain, Euskal Herriko kultur paisaiaren erreferente dira gure haitzuloak. Zestoako Antxieta elkarteko kideen miaketa lanen ondorioz jakin izan dugu 18.000 urte baino gehiagoko labar-margoak gordetzen dituela Danbolinzulok.
Haitzulorako bidea malkartsua da eta mendia garbitu beharra egoten da bisita egin aurretik. Gure bisitariak, zailtasunez jabetuta, bota eta arropa egokiak soinean zituztela agertu ziren nahiz eta sarrera estuak makurtzera behartu zituen ezinbestean. Beharrezko babes-neurriak hartuta ere, barruko kabinaren tamainu mugatuagatik 9 pertsonek besterik ezin izan zuten kobazuloa bisitatu.
Ekainberriko gida profesional baten eskutik jakin izan zuten bisitariek Goi Paleolitoan gizakiaren mugikortasuna eta interakzioa ulertzeko funtsezko aurkikuntza izan zela Zestoako koba hau, eta nola ez, bertatik-bertara ikusi ahal izan zituzten besteak beste, ahuntz, orein eta zaldi margoen irudiak.
Aparteko esperientzia hau ondo joan zen eta guztiz aberasgarria izan zaiela aipatu digute bisitan parte hartu zutenek. Kobaren kontserbazioa zainduta, babes neurri egokiak hartuta eta bisitari tamainua neurrian zainduta, etorkizunean ere antzerako esperientzia positiboak eskaintzeko aukera egongo dela ziur gaude Ekainberrin.

arazi

Leave a reply

X