2016 urtearen balorazioa Ekainberrin

Ekainberriren bisitari kopurua %7an handitu da 2016an, guztira 31.000 erabiltzaile

 

Ekainberrik eta Lili Jauregiak, biak Zestoan kokatuak, 2016an bisitari kopuruan %7ko hazkundea izan dute 2015arekiko, guztira 31.000 erabiltzaile izatera iritsiz.

Ekainberriko bisitari kopurua bigarren urtez jarraian hazi da, 2016an 28.237 erabiltzailerekin 2015eko 26.481en eta 2014ko 24.854 erabiltzaileen aurrean.

Lili Jauregian, Ekainberriko eskaintzan barneratua jauregian bertan martxotik abendura egiten diren bisita antzestu ikusgarriarekin, bisitari kopurua 2.800ekoa izan da 2016an, 2015eko 2.559ren aurrean, %9ko hazkundea.

2008an Ekainberri (www.ekainberri.eus) ireki zenetik, eta 2013an Lili Jauregia (www.lilijauregia.com), guztira 259.675 izan dira kobazuloaren erreplika nahiz jauregia ezagutzeko sarrera erosi duten erabiltzaileak. Ekainberrik 246.323 bisitari hartu ditu eta Lili Jauregian 13.352 bisitari sartu dira ireki zenetik.

Bisitarien tipologiari dagokionez, eta esanguratsuenak aipatzeagatik, esan eskaintza didaktikoko publikoak 2016ko bisitari guztien %40a suposatzen duela, helduek guztiaren %30a, jubilatuek %10a, gazteek %17a eta 6 urtez azpiko haurrek %3a.

2016 urtea: jarduerez beteriko 12 hilabete

2016an garaturiko jardueren artean Ekainberriko zelaian orein talde baten egonaldia eta bertan kokaturiko Historiaurreko kanpalekua gailentzen dira. Ekianberriren parte hartzea Kobaz Koba Trail-en (www.kobazkobatrail.com) antolakuntzan garrantzitsua izan da, 2016ko otsailean ospatu zen eta 2017ko otsailaren 12an bigarren edizioa burutuko da. Mendi lasterketa honen ibilbidea Historiaurrean munduan bakarrak diren interesgune batzuetatik igarotzen da, beste batzuen artean Ekain, Amalda, Astuigaina, Erlaitz eta Danbolinzulo haitzuloak.

Martxoan 2016ko Kobazuloen Eguna (www.lurpea.com) ospatu zen, martxoko asteburuetan Euskal Kostaldeko Museoen eguna, ekainean Zestoan Ekainfest-en VI. Edizioa burutu zen, Historiaurreko Olinpiaden hirugarren edizioa barneratuz.

2016ko Ekainfest-en barneko jardunaldietan Marcos Garciak (EHUko ikerlaria) eta Alvaro Arrizabalagak (Irikaitzeko indusketaren zuzendaria eta EHUko ikerlaria) Zestoako Udaletxeko Batzar Aretoan eskainiriko konferentziak azpimarratu behar dira.

Urolako museo eskaintza batzen duen “5 Geltoki Historian” ekimena burutu da 2016an ere. Museoez familia giroan gozatzeko plan bikain bat da, museoetan deskontuekin eta familia guztiak Urola bailara bisitatuz goza dezan jolasekin.

Beste hainbat eta hainbat jarduera eta promozio ekitaldiz gain, Ekainberrik ICE AGE EUROPE Sarearen (www.ice-age-europe.eu) bi bileratan parte hartu du, otsailean Kents Cavernen (Ingalaterra) eta urrian Blauberenen (Alemania).

Ekainberrik Unesco Sarea Euskal Herrian ere parte hartu du, Euskal Herriko Koben Elkarteko partaidea da eta CARP “Historiaurreko Labar Artearen Bideak” elkarteko kidea, publikoarentzat zabalik dauden leku arkeologiko europarrek osaturiko sare bat (www.prehistour.eu).

Ekainberriren titularitatea Ekain Fundazioarena da (Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Zestoako Udalak osatua) eta kudeaketa Aranzadi Zientzia Elkarteak (www.aranzadi.eus) eta ondarearen kudeaketa burutzen duen Arazi enpresak (www.arazi.eus) osaturiko Enpresen Behin-behineko Baturak burutzen dute.

2017rako proiektuen artean, martxoan museoak bere programazioa aurkeztuko du, Ekainberri eta Lili Jauregiaren hazkundea finkatzeko berrikuntzekin, bai Zestoako bere eskaintzari dagokionez, baita nazio mailan eta nazioartean bere presentziari dagokionez ere, sare desberdinetako lanaren eta lankidetzen bidez.

 

arazi

Leave a reply

X