Hurbildu Historiaurrera!

Abuztuan zehar, Historiaurreko gizakiak bezala margotu, sua egin eta ehizatzeaz gain, haragia sutan erre eta dastatzeko aukera eskaintzen da Ekainberrin.

Historiaurrea bere osotasunean bizitzeko aukerak zabaldu egin dira uda honetan Ekainberrira hurbiltzen diren bisitarientzat. Uda honetan Ekainberrira hurbiltzen denak UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako margoak ezagutu ditzakete, “Ekain Abentura” esperientziaren bitartez orain dela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten, sua nola egiten zuten eta nola ehizatzen zuten ikasi, eta gainera, esperientzia hau zabaltzeko gune berri bat sortu da: Historiaurreko kanpalekua.

Bertako ekoizleekin elkarlanean, bertako labeldun haragi pack bat sortu eta nahi duenaren esku jartzen da Ekainberrin. Haragi hau erre eta tribuan jateko eremu berezia sortu da bertan, betiko tailer espazioari kanpamendu gune bat gehituz, Historiaurreko txabola ikusgarriak, oreinek eta haragia erretzeko suak osatua. Kanpalekua
Orain dela 14.000 urteko gizakiak udaberrian etortzen ziren Sastarrain bailara honetara eta beraien helburua oreinak ehizatzea zen. Garai hartako giroa erakusteko asmoz, martxoa ezkero orein taldea (har bat eta lau eme) Ekainberriko zelaian aurkitzen da, baina orain inguru horretan Historiaurreko bizileku bat ere sortu da, garai hartan izan zitekeen modukoa.
Gune berri honetan, bisitariek tailerrean ikusi eta ikasitakoa praktikatzeko aukera dute: margoekin norbere labar artea sortzeko gunea, Historiaurreko teknikekin sua egiteko txokoa eta norberaren ehiza abilezia frogatuz azagaia eta bultzagailuak erabiltzeko ehiza ibilbidearekin.
Baina ekintzarik erakargarriena haragi freskoa momentuan sutan erre eta jateko aukera da, zelaian bertan eta tribuan bilduta. Horretarako Harakai etxean espresuki sortutako txahal “pack” bereziak erabiliko dira, txahal haragia gustuko ez dutenentzat, Basatxerri etxeak prestatutako txorizo zati bereziak ere badira.
Eremu berri hau abuztuan izango da martxan, bisitariak Historiaurreko gizakien bizimoduaren alderdi ezezagunak ezagutu ahal ditu.

Informazio baliagarria:
– Gune berri honetara “Ekain Abentura” egiteko sarrera erosi dutenak (2,00 €) sartu ahal izango dira, Ekainberri irekita dagoen bitartean (asteartetik igandera 10:00etatik 19:00etara)
– Harakai txahal pack txikia: 1,00 €/ Harakai txahal pack handia: 3,00 €/ Basatxerri txorizoa: 1,00 €
– Haragia sutan erretzeko eta kanpalekuan bazkaltzeko ordutegia: asteartetik igandera 12:30etatik 14:00etara eta 16:30etatik 18:00etara.
– Ekainberri bisitatzeko eta bertan esperientzia guztiez gozatzeko, aldez aurretik erreserba bat egitea gomendatzen da. Horretarako 943868811 telefonora deitzea da modurik onena.

arazi

Leave a reply

X