Erlaitz haitzuloan labar arte paleolitikoko grabatuak aurkitu dira

Gutxienez, zortzi animalien grabatuak ikus daitezke, zaldi, orein eta uroak. Danbolinzuloko aurkikuntza egin ondoren, eta zenbait haitzulo berrikusten ari zirela, Antxieta Elkarteko kideek egin zuten aurkikuntza. Grabatuen data zehatzik ez badago ere, orain 22.000 eta 15.000 urte bitartean egindakoak dira. Era honetan, Erlaitz, Danbolinzulo (zaharragoa) eta Ekain (berriagoa) artean kokatuko litzateke. Ikerne Badiola Kulturako diputatuak esan du aurkikuntza horiek agerian utzi dutela Deba eta Zestoa inguruetan dagoen kultur paisaia berria modu zabal eta bateratuan babesteko beharra.

Zestoan dagoen Erlaitz leizean Labar arte paleolitoko grabatuak aurkitu dituzte Antxieta elkarteko kideek. Orain hilabete pasatxo Danbolinzulon egindako aurkikuntzaren ondoren, aurrez ezagutzen ziren beste kobazuloetan berriro begiratzeko grina piztu zieten Antxietako lagunei, eta horren ondorio da aurkikuntza garrantzitsu hau.
Orain gutxi arte, Ekaingo margoak bakarrik ezagutzen ziren inguru horretan, eta Danbiolinzuloko pinturak duela gutxi eta orain Erlaitzen aurkitutako grabatuek paisaia kultural berri bat utzi dute agerian.
Aurkikuntza oso garrantzitsua da:
– Gutxienez 8 animalien grabatuak (zaldi, uro eta oreinak) baieztatu dira, eta beste batzuen zantzuak ikus daitezke. Eta honi material arkeologikoa gaineratu behar zaio.
– Barrunbearen erabilera bi garai ezberdinetara zabaltzen da. Goi Paleolitoan bizileku bezala, eta Kalkolitiko edo Brontze Garaian ehortz-leku moduan.
– Garaiari dagokionez, ez dago erabateko akordiorik mota honetako grabatuak noizkoak diren zehazteko orduan, baina 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen dira.

Horrek esan nahi du Danbolinzulo eta Ekain artean kokatzen dela, Danbolinzulo baino berriagoa, baina Ekain baino zaharragoa.
Ikerne Badiola KUltura, Gazteria eta Kirol diputatuak aurkikuntza horiek paisaia kultural berria osatzen dutela azpimarratu du, eta, ondorioz, neurriak hartu behar direla: Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa,… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula. Paisaia Kulturala erabat aldatu da, orain arte bakarrik ezagutzen genuen Ekain haitzuloari, Danbolinzulo eta orain Erlaitz batu zaie. Baina ez dira inguruan dauden bakarrak, Praileaitz eta Astigarraga kobazuloak ere bertan daude. Gauzak horrela modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian gelditzen da. Orain arte Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua Ekainberri erreplika erreferentzia hartuta. Sei urte pasa dira sortu zenetik, osasuntsu dago fundazioa, baina muga berriak jartzeko ordua izan daiteke.

Aurkikuntza
Erlaizko barrunbea Ekainekotik oso hurbil dago, Zestoa eta Debako udalerrien mugatik oso gertu. Zientifikoki, 1978. urteaz geroztik ezaguna da haitzulo hori, garai horretan Antxieta Jakintza Taldeko kide batzuk paleolito eta paleolito ondorengo materialak berreskuratu baitzituzten. Danbolinzuloko aurkikuntza egin ondoren, eta zenbait haitzulo berrikusten ari zirela, talde bereko kide batzuk animalia irudiak grabatuta zituen panel bat aurkitu zuten. Ondoren (2015eko otsailak 1), kide horietako batzuk eta Alvaro Arrizabalaga, Marcos Garcia Diez eta Mª Jose Iriarte (Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeko eta Ikerbasque Fundazioko kideak) haitzuloa ikustera joan ziren eta aurkikuntza benetan historiaurrekoa zela egiaztatu zuten. Aurkikuntzaren berri eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak barrunbea itxi zuen, etorkizunean ondo zainduta egoteko eta aztertu ahal izateko beharrezkoak diren babes neurriak ezartzearren.

Eduki arkeologikoa
Ezagutza zientifikoaren bi esparru hartzen ditu: jasotako material arkeologikoak, alde batetik, eta labar-artea, bestetik. Lehenengoei dagokienez, haitzulo hori bi une desberdinetan erabili dela egiazta daiteke. Aurreneko aldia Goi Paleolito garaian, habitat modura; eta gero, oraindik zehaztu ezin den Kalkolito edo Brontze Aroan zehar hilobi-erabilerarekin.
Bestalde, barrunbeko labar-arteaz dakiguna oso azalekoa da oraingoz, bisita bakar batean lortutakoa baino ez baita. Bistakoak diren 8 animalia irudi gutxienez antzeman dira (zaldiak, oreinak eta uroak), eta horiei gehitu behar zaizkie, seguruenik, beste batzuk, baina une honetan egoera kaxkarrean daude ondo antzemateko. Oso sarbide zaila duen harrizko panel baten gainean grabatuta daude irudi horiek, harrizko instrumentu batekin eta zabalera ertaineko marrarekin (2-3 mm). Haitzuloaren beste alde batzuetan marra beltz batzuk eta koloregai gorrizko kontzentrazioak antzeman dira, oraindik ikerketa zehatzik egin gabe.

Garrantzia zientifikoa
Erlaizko horma-irudiek antzekotasunak dituzte Kantauri aldeko beste barrunbe batzuetakoekin. Antzekotasun nabarienak Monte Castilloko haitzuloetan ageri dira, bai Castilloko Haitzuloan bertan, bai inguruan dauden Las Chimeneas eta La Pasiegan. Euskal Autonomia Erkidegoan, Bizkaian dagoen El Rincon haitzuloan daude antzekotasun gehien dutenak. Ez dago adostasunik era horretako grabatuen adskripzio kronologikoa egiteko garaian, baina ohikoa da, zenbakiz ari garenean, batez beste 22.000 eta 15.000 urte artean ipintzea. Horren ondorioa da Erlaizko haitzuloa inguruan dituen Danbolinzulo (zaharrena) eta Ekain (berriagoa) haitzuloen artean kokatuko litzatekeela kronologikoki.

Etorkizunari begira
Erlaitzek informazio zientifiko asko eskain dezake ezagutzeko nolakoak ziren Goi Paleolitoko lehenengo giza talde ehiztari-biltzaileak, horien adierazpen grafiko eta sinbolikoen inguruan ez baita askorik ezagutzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasiera batean, barrunbea itxi egin du egoera onean iraungo duela bermatzeko, eta horren ostean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, zuloa osorik aztertzeko proiektu bat diseinatzen ari da, xede hauekin: bertan egon diren giza taldeen eta garatu duten labar-artearen berri izatea, eta, etorkizunean ondo zainduko dela bermatu ahal izateko kontrol neurri batzuk zehaztea.

arazi

Leave a reply

X