La Garma: labar arte ukitu gabea

1995eko azaroan, Kantabriako Unibertsitateko ikerlari talde bat Omoñon, Ribamontan al Monte herrian, kokaturiko La Garma muinoko haitzuloak ikertzen ari zen. Ordura arte ezezaguna zen galeria bat aurkitu zuten sistema karstikoaren beheko mailan, eta bertan labar arte multzo ikusgarri bat.

Muinoak 186 metroko garaiera du, bere sistema karstikoan giza okupaziodun kobazulo desberdinak gordetzen ditu. La Garman jendea bizi izan da Behe Paleolitotik Goi Erdi Aroraino, bizilekua izan zen, babeslekua, santutegia, ehorzketak ditu, gailurrean Metalen Aroko kastro bat ere bai.
Aurkikuntza oso berria da eta informazio bolumen izugarria gordetzen du, Historiaurrearen eta labar artearen ikerketan lehen mailako aztarnategia izan daiteke.
Irudiak Beheko Galerian zehar daude, jatorrizko ahoa itxi zuen harri jauzi batek babestu ditu. Margo beltzak, gorriak eta grabatuak aurkitu daitezke, animali formakoak, zeinuak eta zeharkako eskuak.
Apaindurak Goi Paleolitoaren hiru garai desberdinetan eginak direla pentsatzen da.
Irudi zaharrenak Gravete aldikoak (28.000-21.000 urte) izan daitezke, ordukoak lirateke zeharkako eskuak eta zeinu ez figuratiboak dituen panel bat.
Margo gorriak, besteak beste orein emeak, Solutre aldian (20.000-17.000 urte) kokatu izan dira.
Irudi berrienak margo beltzak eta grabatuen gehiengoa direla pentsatzen da, Madeleine aldikoak izango lirateke, (13.500 urte).
Aurkitu zen momentutik, ikerlarien helburua bertako arte ondarea eta aztarna arkeologikoak babestea izan da, horretarako bertara sarrerak erabat mugatuz, baita ikerlarientzat beraientzat ere.
2008ko uztailean La Garma Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X