Llonin: Asturiasen arte adierazpen gehien dituen haitzuloa

Llonin haitzuloa izen bereko herri asturiarrean kokatzen da, Peñamellera Alta Kontzejuan. Cuera Mendizerraren hegoaldean dago, Cares ibaiaren arro itxian. Inguruan kobazulo ugari daude eta askotan Paleolitoko okupazio aztarnak aurki dira.

Irudiak 1957an aurkitu zituen eskualdeko gaztagile talde batek, euren gaztak ontzeko kobazuloen bila zebiltzala, baina bere “aurkikuntza” zientifikoa 1971an kokatu behar da, Oviedoko Polifemo espeleologia taldearen eskutik.
Bertako aztarnategi arkeologikoa oso konplikatua da, kobazuloaren egitura eta kokalekuaren ondorioz, sedimentu asko mendian behera edo haitzuloaren barrura erori da. Ondorioz, estratigrafiak ematen duen informazio ugari galdu egin da, aztarna asko testuinguruz kanpo daude, ondorioak ateratzea zailduz. Datatzeak ezartzea ere zaila izan da.
Aztarnategi arkeologikoan industuriko materialen arabera, gizakia denbora luzez bizi izan zen bertan, Erdi Paleolito edo Musteriar alditik (125.000-35.000 urte) Azken Brontze Aroraino (1.800-700 urte).
Irudi grabatuak eta margoak aurki daitezke, bai zeinuak eta bai animaliak, Asturiasen adierazpen gehien dituen haitzuloa da Llonin.
Adierazpenen artean zeinu gorriak, lerro sortak, puntuaketak, suge formako bat, emakume antropomorfo bat, gorriz eta beltzez margoturiko eta grabaturiko animaliak daude, beraien artean bisonteak, zaldiak, ahuntzak, elur-oreinen adarrak eta bereziki oreinak.
2001an margo berri batzuen aurkikuntza argitaratu zen, gorputzean sarturiko objektuak dituzten bisonte multzo bikain bat da, agian armak.
Kobazuloa hasieratik itxita eta babespean egon da, 2008an UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoaren barruan.

arazi

Leave a reply

X