Tito Bustillo: altxor asturiarra

Tito Bustillo Asturiasko Ribadesellan kokatzen da, Sella ibaiaren bokale inguruan. Ardines mendiguneko kobazulo sistemaren parte da, bertan giza okupaziodun hamar haitzulo identifikatu dira.
Irudiak espeleologia talde bateko kideek aurkitu zituzten 1968an, euretako bat, Celestino “Tito” Fernandez Bustillo, handik gutxira hil zen mendi istripuz eta kobari bere ohorez jarri zitzaion izena.

Madeleine aldiaren ondoren, harri jausi bat izan zen jatorrizko ahoan, hor zegoen bizilekua. Kantaurialdeko aztarnategirik onenetakotzat kontsideratua, arte eramangarriaren piezak ere baditu.
Tito Bustilloko biztanleak orein eta ahuntz ehiztariak ziren, bertako tresneria kontutan hartuz, arrantzak ere paper garrantzitsua izango zuen euren bizimoduan.
Espeleologoak haitzuloaren bukaerara sartu ziren zulo batetik, gaur egungo sarrera artifiziala ere hor kokatzen da.
Irudien aurkikuntza nahiko berantiarra izan zen eta oihartzun handia izan zuen. Berehala prestatu zen bisitak hartzeko, horretako lanek, argiteria desegokiak, bisitari kopuruak eta inguruko giza jarduerek irudien kontserbazio egoeran kalteak sortu zituzten, horregatik, gaur egun bisitak mugatuak dira.
Margoak zein irudi zizelatuak aurkitu daitezke, adierazpenak hamabi gunetan banatzen dira. Zeinuak, zoomorfoak, antropomorfoak ikusi daitezke, azkenen artean, Asturiasen aurkitu den zeharkako esku bakarra eta labar arteko alu multzorik ugarienetakoa.
Animalien artean, zaldiak, uroak, bisonteak, oreinak, elur-oreina edo bale bat (labar artean bakarretakoa) daude, polikromia lan bikainak ikus daitezke.
2008ko uztailean, UNESCOk Tito Bustillo Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X