Areatza: orein eme gorriaren tenplua

Bizkaiko Galdames herria Meatzari Eskualdean kokatzen da, burdinaren erauzketa mendeetako tradizioa duen jarduera bat izan da Trianoko mendietan, meatzaritza jarduera horrek kobazulo askotarako sarrerak ireki ditu, eta agian beste asko betirako suntsitu. 1962an Galdameseko Areatza auzoan leherketa batek kobazulo baten ahoa ireki zuen, zulo natural hori bolborategi bezala erabilia izan zen denbora batez, horregatik haitzulo hau El Polvorín izenarekin ere ezagutzen da.
Galdames ibaiaren haranetik 50 metro inguruko altueran kokatzen da eta itsas mailarekiko 190 metro ingurura. 27 kilometroko luzera eta 486 metroko sakonera duen sistema handiago baten parte da, 2 kilometro lineal inguruko garapena du. Bi sarrera natural eta meatzaritza jardueraren ondorioz irekitako beste lau dauzka. Jarduera ekonomiko horrek kobazuloaren kontserbazio egoeran paper nabarmena izan du.
Sarrera nagusi kontsideratzen dena hegoaldera orientaturiko arku handi bat da, 2 metro inguruko diametroa duen estalagmita batek erditik banatuta. Hor 20 metro inguruko luzera eta 4 metro inguruko altuera duen gela bat irekitzen da, hainbat zeharkako pasabide ditu ertzetan eta sakonean pasabide nagusirako sarrera.
Atondo horretan izango zuen gizakiak bere bizilekua eta horren aztarnak aurkitu dira, Erromatar Goi Inperioan, Brontze Aroan, Kalkolitoan, Neolitoan eta Madeleine aldian kokatu izan dira geruza estratigrafiko desberdinetan aurkituriko objektuak.
1973an Pedro Maria Gorrochategui ingeniariaren lau semeak kobazulo honetan aurrera sartu ziren, pasabide nagusian aurrera eginda 108 metrotara, eskuinerantz ia perpendikularrean irteten duen 40 metro inguruko galeria oso estu batean sartu ziren. “Margoen ganbara” zen, 2×8 metro inguruko kono itxurako espazio bat, bertan aurkitzen dira kobazuloko irudirik ezagunenak. Irudien kokapenagatik, Areatza “santutegi sakon” bezala kontsideratzen da.
Irudi ezagunenak margoen ganbarako orein eme gorriak diren arren, badira beste bi gune apaindu ere, litekeena da azterketak aurrera doazen neurrian irudiren bat gehiago ere aurkitzea.
Margoen ganbaran 12 orein eme gorri eta identifikagarriak ez diren margo gorrizko zenbait aztarna aurkitu dira, guztira 15 unitate grafiko. Orein eme batzuen gorputz osoa islatu dute, beste batzuetan burua, lepoa eta bizkarra bakarrik ageri dira margotuta.
Pasabide nagusian marra gorriz eginiko eta gainetik zizelatuz errepasaturiko uro bat, bobido baten burua eta zenbait lerro ez figuratibo aurkitu dira, baita zaldi protomo bat (altuerliebean irudikaturiko buru bat), bi orein eme gorri eta beste orein eme zizelatu bat ere. Beste irudi oso esanguratsu bat ere aurkitu da inguru honetan, profilez eginiko emakume antropomorfo eskematiko bat, Euskal Herriko labar artean izugarri arraroa den gaia.
Hirugarren gune batean puntu gorrien lerrokatze bat ikusten da, burdin herdoilaren mantxa naturalak izan daitezke, baina euren inguruan laukizuzen formako zeinu konplexu bat aurkitu da eta hori beste adierazpenen giza jatorria balioztatzeko erabakigarria izan daiteke.
Orein eme batzuk puntukatzearen teknika erabiliz margotu dira, “Ramaleseko Eskola” deitu izan den labar arte multzoaren ezaugarri tipiko bat, Asturiastik hasi eta Areatzaraino luzatzen den kobazulo multzo bat barneratzen da eskola horretan, gai eta teknika berdintasun handia erakusten dutenak. Askotan teknika honen erabilera irudikatzen den gaiari lotuta egoten da, Areatzako kasuan orein emeak adierazteko erabili da.
Eskola horren barruan Areatzak badu elementu berezi bat, bertako zenbait orein eme margotzeko okre mota bat baino gehiago erabili dituzte, bat ilunagoa kanpotik profila margotzeko eta beste bat argiagoa barrutik profil hori betetzeko. Baina gainontzeko elementu asko Ramaleseko eskolan klasikoak diren konbentzio estilistikoak dira, hala nola V forman jarritako belarriak, isatsa bizkarraren beherazko lerroaren jarraipena izatea, ipurdia bizkarretik banandutako lerro batekin markatzea, zangoak antena itxurako marra zuzenekin adieraztea…
Zizelaturiko irudiak interpretatzea zailagoa gertatzen da, batetik oso irudi gutxi direlako eta bestetik euren izaera partzialagatik, irudi adierazgarriena emakume errepresentazio bat da, Areatzako multzoa antzeko beste adierazpen batzuk dituzten multzoekin lotzeko aukera ematen du.
Areatzako kobazuloko irudien kronologia nahiko gai eztabaidatua izan da, bertako aztarnategi arkeologikoa metodologia oso egokiarekin induskatu zen, baina irudiei buruzko azterketa sistematikorik ez da argitaratu.
Aditu batzuen ustez, kobazulo honetako irudi margotuak Behe Madeleine aldian (duela 18.000-15.000 urte inguru bitarteko garaian) kokatu behako lirateke, horretarako Areatzako irudiak beste kobazulo batzuetako labar artearekin edo arte eramangarriarekin alderatzen dira. Baina beste aditu batzuen ustez, oreinen belarriak V forman irudikatzea eta margo gorriarekin puntukatze teknika Gravete aldiko eta Solutre aldiko irudien ezaugarriak dira (duela 26.000-18.000 urte bitartean).
Zenbait ikerlariren ustez, posible da margoak eta irudi zizelatuak garaikideak izatea, margoek homogeneotasun handia erakusten dute eta grabatu batzuk beraiei lotuak ageri dira, Gravete aldian dataturiko beste emakume irudi bat dokumentatu da eta Areatzako irudiak garai horretan kokatzeko balio dezake. Emakume irudi zizelatu hori ordea, Goi Madeleine aldian dokumentaturiko antzeko beste irudi batzuekin ere lotu izan da, kasu honetan bi garai desberdinetan eginiko irudien aurrean geundeke eta margoak irudi zizelatuak baino askoz zaharragoak izango lirateke.
Areatzako labar arteak Euskal Herriko kobazuloetan ohikoak ez diren hainbat ezaugarri biltzen ditu, aldi berean, Kantauriar eskualdeko beste zenbait kobazulorekin lotura estua duela dirudi, bai bertan agertzen diren gaiengatik, bai beraien antolamenduagatik, baita erabilitako teknikagatik ere.
Bertako irudien kronologiari dagokionez, argitalpen sistematiko baten faltak eztabaida eta zalantza asko sortu dituen arren, posible da Euskal Herrian aurkitu diren adierazpen zaharrenetakoak gordetzea Areatzan, duela 25.000 urte inguruko gizakiek bertan lan egin zutela dirudi.

 

arazi

Leave a reply

X