Bost urtez, arkeologia esperimentalaren bidetik, mugak zabaltzen

Gaurko egunez, 2008ko irailaren 11n inauguratu zen Ekainberri ofizialki. Bost urte hauetan, 170.000 bisitari jaso ditu museoak. Oro har, seme-alaba gazteak dituzten familiek eta eskolek osatu dute Ekainberriko bisitarien profila. Museoa Arazik eta Aranzadik eratutako ABEE batekin kudeatzen da, eta arlo askotan lizentziatutako langile gazte eskarmentudunak ari dira lanean Ekainberrin, eta eremu askotan dute esperientzia. Guztien sormenarekin eta ekarpenekin atontzen dira Ekainberriko eskaintza eta bere produktuak, kontzeptu nagusi baten inguruan: arkeologia esperimentala.

2008ko irailaren 11n inauguratu zen ofizialki Ekainberri, EAEko Lehendakari zen Juan Jose Ibarretxeren presentziarekin. Tartean izan ziren Ekain Fundazioa osatzen duten erakundeen ordezkariak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zestoako Udaletxea eta, nola ez, Ekainberriren kudeaketaz arduratzen garen Arazi-Aranzadi ABEEko arduradunak.
Bost urte hauetan, 170.000 bisitari izan dira Ekainberrin. Oro har, seme-alaba gazteak dituzten familiek eta eskolek osatzen dute Ekainberriko bisitarien profila.

Arazi-Aranzadi ABEEk museoa kudeatzen daramatzan bost urte hauetan, Ekainberrin izan diren ia 170.000 bisitarien artean, oro har, seme-alaba gazteak dituzten familiek osatu dute Ekainberriko bisitarien profila; nahiz eta esan beharra dagoen oso profil anitza dela.

Nolanahi ere, zentroaren kudeaketan zeresan handia dute ikastetxeek: ia 500 ikastetxe egon dira Ekainberriko jardueretan parte hartzen. Gutxi gorabehera, Ekainberriko bisita guztien herena esan nahi du horrek. Kontuan hartu behar da zentro gehienak behin baino gehiagotan joaten direla, eta askok dagoeneko beren urteroko ekintzen agendan daukatela Ekainberri. Bisitarien beste bi herenak familiek eta banakako bisitariek osatzen dituzte.

Ekaingo koba Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitu zuten duela 44 urte, 1969an. Haitzulo txiki batean lagun batzuk hartzera joan eta ustekabean, Euskal Herriko labar artearen santutegia aurkitu zuten. Gutxi batzuk izan zuten aukera altxor hori ezagutzeko aukera, 2008ko irailaren 11n, duela 5 urte, Ekainberri ireki zen arte.

Erreplikari esker, UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatutako altxor hau, Euskal Herrian dugun bakarrenetakoa, gizarteratu da eta ordutik 170.000 pertsona baino gehiago izan dira koba bisitatzearen esperientzia bizi izan dutenak. Ekaingo zaldi-multzoa, hartzak eta oreinak ikusteko daukate, eta Paleolitoko ondare artistiko hori ikusi, ezagutu eta sentitzeko aukera dute. Munduan hiru erreplika besterik ez daude eta Ekain horietako bat da. Horri esker, koba originala oso ondo kontserbatuta dago.

Oinarri sendoa duen proiektua da, eta museoaren eskaintza bizi dugun egoera sozioekonomikora egokitzen jakin dute Arazi-Aranzadi ABEEko kudeatzaileek. Bisitari kopuruari dagokionez, Gipuzkoako bosgarren museo-gunea da Ekainberri, eta urtero, batez beste 34.000 bisita jasotzen ditu. Horrez gain, Euskal Herriko arkeologiaren alorreko eta historiaurreko ondare eta turismo baliabide garrantzitsuena dela esan daiteke.

Bisitariek balorazio altua ematen diote Ekainberri. Bost urteotan, etengabe zabaltzen eta osatzen joan da jarduera-kopuruak eta haien aniztasuna. Dagoeneko, Ekainberriren eskaintza osoa eta integrala da, eta adin guztietako bisitarientzako eskaintza bereziak ditu, arkeologia esperimentalean oinarrituta: erakustaldiak, eskaintza didaktikoa, Ekaindarren Eguna, Kobazuloen Eguna, udako auzolandegia, Ekain Abentura… Ekimen horiekin guztiekin Ekain esperientzia osatzen ari gara: bisita hutsetik haratago doan esperientzia.

Aurtengo berrikuntza nabarmena Lili Jauregiaren irekiera izan da. Kobaren erreplikarekin hasitako proiektua osatu du horrek, eta Zestoak eta eskualdeak eskaintzen dituen ondare eta turismo baliabideak balioan jartzen ditu, eskaintza bateratua osatuz. Gisa horretan, tokian-tokiko eragileen eskutik, Ekainberri bere ingurunean txertatu eta errotuz.

Gizateriaren Ondare den neurrian, UNESCOrekin harremana landu eta izendapen hori balioan jartzea da etorkizuneko helburuetako bat. Ildo horretatik, Europan Ekain bezalako kobak dituzten guneekin (Altamira, Lascaux) elkarlana areagotu eta aliantzak lortzeko bidean gara. Bestalde, Lili Jauregiaren musealizazioan urrats berriak ematea da ondorengo pausu naturaletako bat.

Dagoeneko hasi dira Ekainberriren urteurrena ospatzeko ekitaldiak. Irailaren 20 arte sarrerak erdi-prezioan egongo dira, eta ostiral honetan, irailak 13, 17:00etan Ekainberriko harreran erakusketa berezi bat irekiko da. Ekainberriren oso gertuko lau artistak ezagunek koadro bana prestatu dute urteurrenaren karietara, eta ostiralean komunikabideen aurrean egingo den aurkezpenean izango dira laurak: Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espeso.

EKAINBERRI: BOST URTETAKO HISTORIA

2008 – EKAINBERRI MARTXAN
– Erreplika inauguratu eta bisita gidatuak egiten hasi ginen.
– Lehen tailerrak jarri genituen martxan. Etorkizunean garapen handia izan zuten.

2009 – ESKAINTZA ZABALTZEN
– Ekainen aurkikuntzaren 40. urteurrena
– Lehendabiziko Eskaintza Didaktikoa
– Lili Jauregia zaharberritzen hasi ziren
– Ekainberrin Arkeologia Esperimentalean oinarritutako erakustaldiekin hasi ginen

2010 – KALITATEAREN ETA ELKARLANEN URTEA
– Kalitate Turistikorako Konpromisoko Lehendabiziko ziurtagiria
– I. Kobazuloen Eguna
– 5 Geltoki Historian ekimeneko lehen urtea
– I. Ekaindarren Eguna
– Ekainberriko sarrerak salgai Interneten
– Lili Jauregiko zaharberritze lanak bukatu zituzten
– Eguzkilore marka Ekaingo margoetan inspiratutako bitxiak sortzen hasi zen

2011 – IKERKETA ETA ZABALKUNTZARAKO URTEA
– Kalitate Turistikorako Konpromisoko Bigarren ziurtagiria
– II. Kobazuloen Eguna
– 5 Geltoki Historian ekimeneko bigarren urtea
– Bigarren Ekaindarren Eguna
– Udako lehen auzolandegia antolatzen zen Ekainberrin
– Hilero dibulgazio-artikuluak idazten hasi ginen Ekainberrin
– Aurkikuntza berria: Jesus Altunak hegaztiaren ingerada ebakia aurkezten zuen

2012 – EKAIN ABENTURAREN URTEA
– Kalitate Turistikorako Konpromisoko Hirugarren ziurtagiria
– III. Kobazuloen Eguna
– 5 Geltoki Historian ekimeneko hirugarren urtea
– Hirugarren Ekaindarren Eguna
– Udako bigarren auzolandegia egin zen Ekainberrin
– Ekain Abentura aurkeztu zen
– Ekain Familia aurkeztu zen 2012-2013 ikasturtean
– Ekainberri. Nuevo cobijo para el arte rupestre dokumentala aurkeztu zen

2013. urtea – BULTZADAREN URTEA
– Kalitate Turistikorako Konpromisoko Laugarren ziurtagiria
– IV. Kobazuloen Eguna
– 5 Geltoki Historian ekimeneko laugarren urtea
– Laugarren Ekaindarren Eguna
– Lili Jauregia inauguratu zen
– “Ekain zure herrian” ekimena martxan hasi zen

arazi

Leave a reply

X