Ekaingo xafla: arte eramangarriaren maisulana

Ekaingo kobazuloa bere hormetan gordetzen duen Paleolito garaiko labar arteagatik mundu osoan ezaguna egin da, baina Madeleine aldiko gizakiek beste arte adierazpen mota batzuk ere utzi zituzten bertan.
Arte eramangarria edo higigarria izenez ezagutzen da gorpuzkera ertain bateko pertsona batek eramateko moduko azalera batean eginiko edozein arte adierazpen. Pieza hauek ziurrenik euren jatorrian erabilera konkretu bat izango zuten, baina gaur egun zaila gertatzen da helburu hori zein izan zen zehaztea.

Ekaingo xafla bezala ezagutzen den arte eramangarriaren ereduarekin hori gertatzen da. Ekaingo kobazuloan aurkitutako hareharrizko xafla apaindu bat da, baina ez dakigu bere jatorrizko helburua zein izango zen.
Arte pieza hau zazpi zatitan apurtuta aurkitu zen Ekaingo kobazuloko VI geruza estratigrafikoan. 1973an burutu zen Ekaingo laugarren indusketa kanpainako aurkikuntza bereziena izan zen zalantzarik gabe.
Hareharrizko xafla bat da, hamalau zentimetro inguruko luzera eta hamabi zentimetro inguruko zabalera ditu. Bere inguruko maila arkeologikoetarako lortu diren datazioen emaitzek pieza hau duela 12.000 urte ingurukoa dela adierazten dute.
Bere aurpegian irudi zizelatuak ditu eta hiru animaliaren irudiak bereizi daitezke identifikatzen zailak diren zenbait lerro eta markaren artean. Irudi horietako bi oso argiak dira, hirugarren batek zalantza gehiago sortzen dituen arren. Animalia horien irudiak xaflaren formara egokitzen dira, agian irudiek jarraipena izango zuten apurtutako parteetan.
Basahuntz baten irudia da identifikatzen errazena, lerro nahiko sakonekin zizelatua izan da, espeziea identifikatzeko momentuan adarren xehetasuna oso garrantzitsua da, burua zehaztasun handiz landua ageri da, begia, belarriak edo ilajea oso ongi markatuta ditu.
Oreinaren irudian zizelaren marka finagoa da eta burua, begia eta masail-hezurraren xehetasuna oso argiak dira, lerro labur jarraiak erabiliz egin dute, baina adarrak ildo sakonagoarekin eginak dira eta animaliaren espeziea identifikatzeko orduan oinarrizkoak gertatzen dira.
Hirugarren animalia irudia da identifikatzeko arazo gehien ematen dituena, besteen azpian nahikoa ezkutatuta geratzen da, baina agian zaldi bat izan daiteke. Arkeologoak zurdaren lerroan oinarritu dira ondorio horretara iristeko, burua, zurda, gurutzea, bizkarra, muturra eta aurreko zangoen lerroa landu dituzte marka sinple batekin.
Animalia hauek inguratuz hainbat lerro eta marka ageri dira, agian irudikaturiko animalien xehetasun anatomikoak osatzeko helburuarekin eginak izango dira, edo agian xaflari falta zaizkion zatietan ageri ziren irudien osagarri izan daitezke.
Normalean labar artearen gaiak eta arte eramangarriarenak ez dira bat etortzen, arte eramangarrian labar artean arraroak diren animaliak irudikatu izan dira, Ekaingo kasuan ordea, xaflan eta kobazuloan gaiak errepikatuta aurkitzen ditugu.
Ezinezkoa da pieza hau zertarako sortua izan zen jakitea, arte eramangarria piezen erabilkortasunarekin lotu izan da, helburu bat duten tresnekin, baina kasu askotan ezinezkoa da gaur egun jatorrizko helburu hori ezartzea, hala ere, ukaezina da edertasun paregabeko artelan multzo garrantzitsu bat sortu dela eta Ekaingo xafla horren eredu bikaina dugula.

arazi

Leave a reply

X