Paleolitoko arte teknikak: nola egiten zuten lana?

Dokumentu historiko batek arte balioa duela kontsideratzen da jatorrizkoa denean, ikusmenaren bidez mezu bat igortzen duenean, mezu horrek eduki sinboliko bat badu eta bere helburu nagusia erabilgarritasuna ez bada.
Zalantzak daude gizakia artelanak sortzen hasi zen garaiari buruz, baina segurua da artea Goi Paleolitoan orokortu zen, Homo sapiens-sapiens gizakiaren agerpenarekin. Historiaurrean zehar, artelan hauek sortzeko teknika oso anitzak erabili ziren, joerak desberdinak dira labar artean edo arte eramangarrian, gaiaren edo eskualdearen arabera ere teknika bat edo bestea hautatu izan duelako gizakiak.

Paleolitoko artea bi euskarri mota nagusitan ageri da. Arte eramangarria eta labar artea bereizi behar dira, erabilitako apaindura teknika desberdina izan da euskarriaren arabera, edo agian euskarri motak artelan horietan erabilitako teknikaren kontserbazioan eragina izan duelako.
Arte eramangarria edo higigarria gorpuzkera ertaineko pertsona batek garraiatzeko moduko azaleretan eginiko arte adierazpen mota da eta euskarriak apaindura teknika asko baldintzatzen ditu. Normalean margo teknika harrizko piezetan aurkitzen da, baina posible da gizakiak beste material batzuekin eginiko tresnari emaniko erabileraren ondorioz margo hori galdu izana.
Zizelatu edo grabatu teknika berriz, euskarri mota desberdinetan ikusi daiteke, suharrizko zulakaitzak edo printzak erabiltzen dira hezurra, adarra edo harria bezalako material gogorrak markatzeko. Apaindura oso sinpleak edo oso landuak burutu izan dira, apaindura horiek eskualde markatzaile onak izan ohi dira.
Eskultura teknika ere kontuan hartu behar da, hezurrean, adarrean, bolian edo harrian buruturiko estatuak nahiko ohikoak dira. Agian ezagunenak ugalkortasunari lotuta egon daitezkeen Venusak edo emakume irudiak izan daitezke.
Labar artea gizaki batek mugitu ezin duen moduko azaleretan burutzen da, harri handietan edo kobazulo edo harpeetako hormetan eta oso teknika anitzen erabilera ikusi daiteke. Kontutan hartu behar da kobazulo sakonetan lan egiteak suposatzen duen aurretikako prestaketa lana ere, beharrezko material kopurua aurretik oso ongi kalkulatu behar delako. Horrez gain, erabilitako argi motak ere, suak, azken emaitzan eragin nabarmena izango zuen.
Agian labar artean erabiliriko teknikarik ezagunenak marrazkia eta margoa dira, askotan elkarrekin harremanetan agertzen direnak. Modu desberdinak erabiliz euskarriari substantzia bat itsastean datza, azken emaitzan bi kolore nagusitzen dira, gorria eta beltza.
Badira euskarriaren zati bat suntsitzen duten teknikak ere, zizelatu edo grabatu teknikaren kasuan, tresna zorrotz batekin azalera gogorrean markak egiten dira irudiak nahi den forma hartu arte. Buztina bezalako azalera bigunak hatzekin markatuz ere sortu izan dira artelanak. Beste aukera bat irudiak horma tresna zorrotz batekin kolpatuz lantzea da, piketeatua batez ere aire libreko aztarnategietan erabili izan da.
Eguzki argia sartzen den harpeetan eskulturaren teknika erabili izan da, material gogorraren gainean irudia tailatzean datza. Irudia azalera hori barrurantz landuz egiten bada, baxuerliebe teknikaren aurrean gaude; irudiaren inguruko eremua beheratuz irudia kanporantz ateratzen bada, altuerliebeaz ari gara; irudiaren 3/4ak landutako azaleratik kanpo ageri badira, edo berau azaleratik erabat askea bada, estatua baten edo bulto borobil baten aurrean gaude.
Eskultura bat buztina edo beste material plastiko baten gainean egiten denean, teknikari modelatu deitzen zaio. Lurpeko espazioetan aurkitzen da eta egiteko erabilitako materialaren hauskortasunak asko baldintzatzen du.
Hainbat kasutan, irudi bakarrean teknika bat baino gehiagoren erabilera aurkitu daiteke. Nahiko ohikoa izaten da margoa eta zizelatua uztartzea, Ekaingo kobazuloan zenbait zalditan edo hartzen kasuan gertatzen den bezala. Gerta daiteke irudi bat teknika batekin hasi eta beste batekin bukatzea ere.
Azkenik, enkontrismoaren teknika aipatu behar da. Kobazuloaren erliebe naturalak irudian barneratzean datza, irudiak harkaitzaren berezko formak aprobetxatuz osatzean, Historiaurreko artearen lorpenik garrantzitsuenetako bat kontsideratzen da. Teknika hau bere osotasunean ulertzeko, kontutan hartu behar dira suaren argiak kobazulo batean sortu ditzakeen ikusmen efektuak.

arazi

Leave a reply

X