Abri du Poisson: arrainaren presentzia labar artean

Gorge D’Enfer edo “Infernuko Arroila” Dordoinan kokatzen da, Les Eyzies-de-Tayac herritik gertu, Vézère ibaiaren arroaren eskuineko aldean. Bertako horman kokatzen da Abri du Poisson edo “Arrainaren Harpea”.  1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Vézère haraneko Historiaurreko lekuak eta kobazulo apainduak multzoan eta publikoarentzat zabalik dago.

Abri du Poisson harpearen sarrera, Les-Ezyies-de-Tayac-etik (Dordoina) gertu

Harpe txiki bat da, 8 metro inguruko zabalera eta 7 metro inguruko sakonera dituena, XIX. mendearen erdialderako ezaguna zen eta lehen ikerketak 1892an egin ziren, bertan Aurignac aldiko (duela 40.000-28.000 urte inguru) okupazio maila bat aurkitu zen.

Abri du Poisson-eko izokin zintzelkatuaren irudiaren xehetasuna

Lekuari izena eman dion arrainaren irudi zizelkatua 1912an aurkitu zen kobazuloaren sabaian. 1913an lapurrak irudiaren inguruan zuloak egin eta bere lekutik erauzten ahalegindu ziren, ez zuten lortu, baina markak bertan geratu dira.

Abri du Poisson kokatzen den harkaitzaren itxura (Vézère harana)

Harpearen sabaian ehunka irudi desberdin eta bereizi ezin daude, zizelaturiko zaldi bat eta bisonte bat izan daitezkeenak aipatzen dira, 1975an zeharkako esku beltz bat aurkitu zen, dirudienez nolabaiteko pintzelen batekin margotua, eta alu bezala interpretatu diren zenbait zeinu ere badaude, baina multzoko nagusia baxuerliebean landuriko arrain bat da.

Arrain horrek 1 metro pasako luzera du eta, bere jarreragatik, errutearen ondorioz akitutako izokin ar batekin identifikatu izan da. Paleolitoko dietan arraina funtsezko elikagaia zen arren, oso animalia arraroa da labar artean, Europa osoan 10 ale inguru aurkitu dira eta Abri du Poissoneko ale hau guztietan zaharrena dela pentsatzen da.

Jatorrian irudia kolore gorria eta beltzarekin indartuta egon zen eta ikatz aztarnak erradiokarbono bitartez datatu ahal izan ziren, arraina Gravete aldian egina dela uste da, duela 25.000 urte inguru.

Ekainberri

Leave a reply

X