Ekainberrik bere 9. urteurrena ospatu du

Irailaren 11n Ekainberrik bere 9. urteurrena ospatu zuen. 2008ko irailaren 11n Ekaingo haitzuloaren erreplia ireki zenetik, 270.348 bisitari hartu ditu, bertan antolatutako jarduera desberdinetan parte hartu dute, bisita gidatuetan, arkeologia esperimentaleko tailerretan edo Lili Jauregiko bisita antzeztuetan.

Data hau aprobetxatuz, uda honetan Lili Jauregian eta Ekainberrin izan den bisitari kopuruari buruzko datuak argitaratu dira, hurrenez-hurren %13,90 eta %24,09ko hazkundeak izan dituzte.

 

2017ko udan (uztaila eta abuztua) 5.803 bisitari izan dira Zestoako Sastarrain bailaran Ekainberri eta Lili Jauregia bisitatzen. Lili Jauregiko “Lilitarren ohorea” antzeztutako bisita 729 bisitarik ikusi ahal izan dute, %13,90 igo da2016ko datuekin alderatuta. Ekainberrin berriz, aurtengo 5.074 bisitariekin, hazkundea %24,09koa izan da, oso igoera garrantzitsua.

 

Ekainberri – 5.074 bisitari – %24,09ko igoera

Lili Jauregia – 729 bisitari – %13,90eko igoera

 

    Ekainberri   Lili Jauregia
    2016 2017   2016 2017
uztaila   1.921 2.223   274 295
abuztua   2.168 2.851   366 434
guztira   4.089 5.074   640 729
    %24,09   %13,90

 

 “Ekain Abentura”: Ekainberriko arrakasta

Ekainberrik uda honetan bertara hurbildu diren bisitariei Historiaurrea bere osotasunean bizitzeko aukerak zabaldu egin dizkie. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako margoak ezagutu ahal izan dituzte. Udan zehar bisitariek “Ekain Abentura” esperientziaren bitartez orain dela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten, sua nola egiten zuten eta nola ehizatzen zuten ikasteko aukera izan dute, eta esperientzia hau zabaltzeko gune berria sortu zen aurtengo udan: Historiaurreko kanpalekua.

Horrez gain, uda hasieran haragi berezia prestatu zen, bertako ekoizleekin elkarlanean, bertako labeldun produktuaz ekoiztu den haragia da. Sasoi horretan Ekainberrin haragi hori erre eta tribuan jateko eremu berezia ere sortu zen: Historiaurreko txabola ikusgarria. Lehendik zeuden margoaren, suaren eta ehizaren guneari pottokak eta haragia erretzeko sua batu zaizkio aurtengoan, kanpamendu erakargarria sortuz.

Gune berri honetan, bisitariek tailerrean ikusi eta ikasitakoa frogatzeko aukera izan dute: margoekin bere labar artea sortzeko gunea, Historiaurreko teknikekin sua egiteko txokoa eta beraien ehiza abilezia frogatzeko azagaia eta bultzagailuak erabiltzeko ehiza ibilbidearekin. Baina ekintzarik erakargarriena, eguraldiak lagundu duenean behintzat, haragi freskoa momentuan sutan erre eta jateko aukera izan da, zelaian bertan, tribuan bilduta eta.

Udan martxan egon den eremu berri honetan, Ekainberritik pasa diren 5.074 bisitariek Historiaurreko gizakien bizimoduaren alderdi ezezagunak ezagutu ahal izan dituzte, izan ere, artelanak sortzeaz gain, gizaki haiek txabolak egin, ehizatu eta jan egin behar zuten, biziraupena bermatzeko. Bisitariak ere horretarako gai izango ote ziren frogatzeko aukera eskaini du Ekainberrik uda honetan zehar.

Aurten, gainera, pottokak izan dira Ekainberriko zelaian. Duela 14.000 urte, gaur egun Zestoa den inguru honetan zebiltzan zaldiak Przewalski arrazakoak (Equus ferus Przewaslki) ziren, labar margo askotan irudikatu zuten arraza da, guztien artean Ekaingo zaldien margoak gailenduz. Przewalski zaldia inoiz ez da etxekotua izan. Bere tamainagatik, Przewalski zaldia ponien multzoan sailkatu daiteke. Hala ere, espezialista askok aukera horri uko egin eta talde horretatik kanpo kokatzen dute.

Bisitariek pottoken presentziaz gozatu ahal izan dute, hain “gurea” den zaldi arraza horretaz, horretarako prestaturiko gunean. Kobazuloan margotuta dauden zaldiak ez dira pottokak, baina beraien ondorengoak direla uler dezakegu, arraza berezi bat eta berariaz euskalduna dela gehituz. Aurtengo udako ekimen berri honekin pottokaren, bertako gure zaldiaren, presentzia indartu nahi izan da modu jarraituago batean. Horretarako, pottoka erreplikaren eta jatorrizko kobazuloaren paisaiaren parte bihurtu da horretarako prestaturiko gunean, Ekainberriren aurreko zelaian.

Hartza Gipuzkoan erakusketa

Uda guztian zehar, Ekainberrin Gipuzkoan hartzak Historiaurretik gaur eguneraino izan duen presentziari buruzko erakusketa bat izan da, Gordailuak antolatua San Telmo Museoaren laguntzaz.

Erakusketan izan diren piezen artean, Lezetxikiko Ursus deningeri / Ursus spelaeus-aren garezurra egon da. Bi espezie hauen bitarteko animalia aparteko kasua da, Europa osoan bakarrenetakoa, bi espezien arteko bilakaera ebolutiboa adierazten duena.

Erakusketa hau Gordailuak antolatutako erakusketa ibiltarietan lehenengoa izan da. Bere helburua Gordailuan kontserbatzen diren bildumak hedatzea da, Gipuzkoako museo eta kultur eragileekin lankidetza bideak ezarriz. Ekainberrira aurtengo udan etorritako bisitariek erakusketa berezi eta bakar hau ezagutzeko aukera paregabea izan dute, izan ere, ekainaren 30ean bukatu behar zen erakusketa, udara guztira zabaldu egin zen.

“Lilitarren ohorea”, hunkitu egiten duen bisita berezia

“Lilitarren ohorea” antzezlana Zestoako Lili Jauregiko jatorrizko eszenatokian eta pertsonaia historikoekin egiten da, hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin. Bakarrizketa batean, Jauregian bizi izan zen Lili leinuko azken kideak, Andre Madalenek, 1678. urtera eramaten ditu bisitariak, eta bidean etxeko gela eta aretoetan murgiltzen dira.

Aurtengo udan, asteartetik ostiralera arratsaldetan, larunbatetan goiz eta arratsaldez eta igande goizetan egin dira paseak eta guztira 729 bisitarik ikusi ahal izan dute Andre Madaleni gertatutakoa eta nola egin dion aurre.

Ekainberri

Leave a reply

X