Roc de Sers: Solutre aldiko friso ikusgarria

Serseko komuna Charente departamentuan dago,  Tovre ibaiaren adarra den Echelle ibaiaren arroan. Roc de Sers Paleolitoan giza okupazioa izan zuten hainbat haitzulo eta harpe biltzen dituen gune arkeologikoaren parte da, bertan labar artea aurkitu zen 1951an.

Roc de Serseko frisoko irudietako batzuen xehetasuna

Lehen indusketak 1907an egin ziren, lehen irudiak 1951an aurkitu zituzten. 50 marrazkitik gora daude, grabatuak eta margoak, baina irudirik ikusgarrienak baxuerliebean zizelkaturiko friso bat osatzen dutenak dira, teknika hau ez baita ohikoa Paleolitoko labar artean.

Basahuntzen borroka Roc de Sersen

Uneren batean, kobazuloaren sarrera babesten zuen harrizko egitura kolapsatu egin zen eta horma batzuk aztarnategi arkeologikoaren gainera erortzea eragin zuen, harri bloke horietako batzuk altxatzean konturatu ziren arkeologoak beraietan hainbat marrazki zizelkatu zeudela.

Musketa idi batek jazarritako giza itxurakoa Roc de Sersen

Frisoaren 19 zati handi eta hainbat plaka txikiago berreskuratu ziren, guztira 10 metro inguruko luzera duen egitura bat osatuz, 50 marrazki inguru ikusten dira, batez ere animaliak, baina baita zeinuak ere.

Bertan bi sektore bereizi daitezke, mendebaldekoan basahuntzaren irudiak nagusitzen dira, ekialdekoan zaldiarenak, zenbait bisonte ere badaude. Irudi berezienak bi giza itxurako izan daitezke, beraietako bat gainera, musketa idi baten aurrean ihesi balioa bezala agertzen delako.

Irudiak teknika desberdinekin  landuak daude, lehenengo horma prestatzen zuten irudiak burutzeko. Baxuerliebea da nagusi, baina grabatua eta margoa ere agertzen dira, bai gorria eta bai beltza. Margoaren erabileraren bidez, irudien inguruetan itzala sortu eta tridimentsionalitate efektuak eragiten dira.

Aurkitutako aztarna gehienak Solutre aldikoak dira eta irudiak ere garai horretakoak izan daitezke, duela 19.000-17.000 urte ingurukoak.

Ekainberri

Leave a reply

X