Cueva de Los Niños: labar artea Iberiar Penintsularen barrualdean

Cueva de los Niños Albaceteko probintziaren hegoaldean dago, Ayna udalerrian, Albarda (1250 metro) eta Halcon (1232 metro) tontorren artean, Seguraren ibaiadar den Mundo ibaiaren eskuinean kokaturiko Infernuko Sakanaren ipar mendebaldeko aurpegian.

Alcaraz mendizerran aurkitzen da, itsas mailatik 700 metrotara, leku oso malkartsuan. 30 metro inguruko garapena du, forma obalatua eta bi parte nagusitan banatzen da, atalondoa eta barruko zatia, bien arteko banaketa formazio estalagmitiko batek egiten du.

Lekukoek lekuari “Cueva de los Niñotes” deitzen zion, bertan ikusi izan zituzten marrazkiak umeek eginak zirela pentsatzen zutelako. Labar artea ofizialki 1970ean aurkitu zen, Iberiar Penintsularen barnealdean kokaturiko Paleolitoko labar margoen adibide gutxietako bat da.

Irudiak bi multzotan aurkitzen dira, nagusia atalondoan dago, Paleolitoan eguzki argia iristen zen leku batean, ezkerreko horman bi metroko luzeradun panel bat dago, 13 marrazki eta okre mantxa desberdinekin. Bertan orein arrak eta emeak, zaldi bat, bi ahuntz eta bobido baten marrazkiak daude, beti okre gorriz margotuak.

Bigarren multzoa, barruko gelakoa, apalagoa da, zaldi bat, ahuntz baten irudi eskematikoa eta suge bat ageri dira gorriz margotuta, azken hau oso gai arraroa Paleolitoko labar artean.

Kobazuloaren barruan aurkitutako hezur erre bat Karbono 14arekin datatu zen eta duela 27.000 urteko data eman zuen, irudiak garai horretakoak izan daitezke, Gravete aldikoak.

Haitzuloaren sarreran labar arte levantiarrari dagokion errepresentazio multzo bat ere badago, zenbait giza errepresentaziorekin, duela 10.000-6.500 urte artekoak izan daitezke.

1998an Gizateriaren Ondare izendatua izan zen Iberiar Penintsularen Mediterranear Arkuko Labar Artea multzoaren barruan.

Ekainberri

Leave a reply

X