Las Herrerias: parrila formako zeinuen santutegia

Las Herrerias haitzuloa Asturiasko La Pereda herrian kokatzen da, Llaneseko Kontseiluan aurkitzen den Pico de Castiellu inguruan.

Konplexutasun geologiko handiko kobazulo bat da, kanpotik gutxienaz bi sarrerarekin, iparrekialde-hegomendebalde norabidean garatzen den galeria estu eta baxu sare batek osatzen du. Sarrera horietako bat harpe handi bat da, paisaian oso presente dagoena.

Las Herrerias kobazuloaren sarrera gunea

1912an fraide agustindar batzuk irudi multzo bat aurkitu zuten bertako areto baten sabaian. 1913an buruturiko ikerketetan 23 parrila formako zeinu aurkitu ziren, denak kolore gorri biziz margotuak, puntuazioak eta lerro jarraituak uztartuz eginak daude. Kobazuloaren iparraldeko beste puntu batean, iristeko oso deserosoa den galeria txiki batean zenbait margo gorri mantxa gehiago aurkitu ziren, identifika ezinak.

Honelako zeinuak geografikoki ondo mugatuta egon ohi dira, eskualde desberdinetan gai beraren bertsio desberdinak agertu ohi diren arren. Eskualde markatzaileak direla pentsatu izan da, giza talde jakinen baten zeinu bereizgarriren bat izan daitezke, gizarte baten zeinu ezaugarri modukoa.

Gai batasun handia erakusten duen haitzuloa da, animalia edo giza adierazpen bakar bat ere ez edukitzea elementu bereizgarria da, Asturias ekialdean hau gertatzen den kasu bakarra da.

Las Herrerias kobazuloaren planoa, Francisco Jorda eta Manuel Mallok argitaratua

Ez dago margoen zuzeneko datatze bat egiteko inongo elementurik, baina irudien estiloa beste leku batzuetakoenarekin alderatuz, Goi Paleolitoaren bukaera aldekoak izan daitezkeela pentsatzen da, Erdi edo Goi Madeleine aldikoak (duela 15.000-12.000 urte), zaharragoak ere izan daitezkeen arren.

1985etik Asturiaseko Printzerriko kultur interesdun ondasun izendatua dagoen arren, ez zen babes neurri fisikorik ezarri eta zenbait irudik kalteak jasan dituzte.

Ekainberri

Leave a reply

X