Villars: zaldi txiki urdinaren haitzuloa

Villars haitzuloa edo Cluzeauko haitzuloa Dordoinako departamenduaren iparraldean aurkitzen da, Villars komunan, Brantometik gertu, Roisseau de l’Etang-Rompu errekak markaturiko inguru batean. Perigord eskualdeko haitzulorik luzeenetakoa da, 13 kilometro inguru galeriarekin, horietatik 600 metro inguru bisitatu ditzake jendeak gaur egun.

Villars haitzuloko irudietako baten xehetasuna

Haitzuloa pasabideen bidez loturiko areto txikiek osatzen dute, bertan formazio geologiko ikusgarriak aurki daitezke eta horma asko kaltzitaz estalirik ageri dira.

1953an aurkitu zuten haitzuloa, irudiak 1958an topatu ziren sakonera nahiko handiko guneetan, beraietako batzuk kaltzita kapa batek estalirik. 1959tik publikoarentzat zabalik dago.

Inguru honetan duela 19.000 urteko giza okupazio aztarnak aurkitu dira, giza talde ehiztari-biltzaileak bertan bizi izan ziren Goi Paleolitoaren bukaeran. Hartzaren presentzia ere garrantzitsua izan zen bertan, sabaiaren zati batean atzaparkadak agertzen baitira.

50 irudi inguru aurkitu dira kobazuloan, tamainaz ez dituzte 50 zentimetroak gainditzen, manganeso oxidoa erabili da egiteko, lodigarriren batekin nahastuta. Okrearekin margoturiko puntu gorri batzuk ere badaude, baita zenbait zeinu grabatu ere.

Villars haitzuloko zaldi txiki urdinaren xehetasuna

Bertako errepresentazioen artean animalienak dira nagusi, batez ere zaldiak ageri dira, baina badaude basahuntzak eta bisonteak ere. Giza errepresentazio bat, puntu gorriak eta zeinu geometriko abstraktuak ere badaude.

Oso ezaguna da bertako “zaldi txiki urdina”, haitzuloko “Zaldien Biribilgunean” kokatua, kolore urdin oso espezifikoa du, manganeso oxidoa kaltzita konkrezioak estaltzean sortua.

Irudiak duela 18.000-17.000 urte ingurukoak izan daitezke, Solutre aldiaren bukaerakoak edo Madeleine aldiaren hasierakoak.

Bisonte baten irudia Villars haitzuloan
Ekainberri

Leave a reply

X