Mayenne-Sciences: iparraldeko labar artea

Mayenne-Sciencies edo La Dérouine haitzuloa Saulges medizerrako haitzuloen multzoan sailkaturiko kobazuloetako bat da. Frantzia iparraldeko Paleolito garaiko haitzuloen multzoan sartua dago, Rochefort, Margot eta La Chèvrerekin batera, Erve ibaiak sorturiko arroilan aurkitzen da. Thorigné-en-Charnie komunan kokatzen da, Pays de la Loire eskualdean, labar artearen gune “klasikotzat” jo izan denetik kanpo.

Mayenne-Scienceseko margo beltzen xehetasuna.

Bertako sarrerako Historiaurreko aztarnak aspalditik ezagunak ziren, lehen indusketak 1876an burutu ziren, baina haitzuloaren barruko partea ez zen 1967ra arte aurkitu. Jatorrizko sarrera gaur egun erabiltzen den horma barreneko pitzadura baino handiagoa eta erosoagoa izango zen, hortik zuzenean lehenengo aretora sartuko zen, baina gaur egun sarbide hori itxita dago.

Mayenne-Scienceseko zaldi buru beltza.

Egungo sarreratik barne galerietarako bidea tunel estu eta baxu batek bideratzen du. Hortik aurrera, 50 metro inguruko garapena du, bata bestearen ondorengo lau aretok osatzen dute, denak pertsona bat bertan zutik jartzeko bezain garaiak.

Mayenne-Scienceseko horma margotuaren xehetasuna.

Bertan 59 irudi margotu eta grabatu identifikatu izan dira, zeinuak dira nagusi, eskuekin egindako marka ugari ikusi daitezke bere hormetan, puntuaketak, marrak… 16 animalia irudi ere identifikatu dira, zaldiak, mamutak eta bisontea inongo zalantzarik gabe. Badira zehaztugabeko lau marrazki ere, beraietako bat giza irudi bat izan daiteke.

Paleolitoko gizakiek ikatza eta okrea erabili zituzten kolore beltza eta gorrixkak lortzeko, hainbat zeinu grabatu ere ikusi daitezke.

Multzo honetako kobazulo gehienetako irudiak Madeleine aldikotzat jotzen diren arren, karbono 14a erabiliz lortutako datatzeek duela 24.220 eta 24.900 urte arteko emaitzak erakusten dituzte, horrek irudiak Gravete aldian kokatzen ditu.

Ekainberri

Leave a reply

X