Cullalvera: Kantabriako labar arterik sakonena

Cullalvera haitzuloa Kantabriako Ramales de la Victoria udalerrian dago, Anciruela auzoan, Pando mendiaren oinean. Gune honetan 12 kilometro inguruko multzo karstiko baten sarrera kokatzen da. Bertan Goi Paleolitoan jendea bizi izan zen. 1987an Kultur Interesdun Ondare izendapena jaso zuen.

Cullalvera haitzuloaren sarrera, Ramales de la Victoria (Kantabria)

Oso kobazulo handia da, bere ahoak 14 metro inguruko zabalera eta 28 metro inguruko altuera ditu. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Errepublikaren ibilgailu parkearen babeslekua izan zen.

Gaur egun artadi kantauriar mardul batek inguratzen du. Euri asko egiten duenean, ura sarrera horretatik maldan behera erortzen da, inguruan egin diren ur kanalizazioek inguruko uren biltoki bihurtu baitute.

Haitzuloa 1906an aurkitu zuten eta labar artea 1954an. Bere sarreran Homo sapiens gizakiak bizi izan ziren gutxienaz duela 13.000 urte ingurutik.

Kobazuloaren parte bat publikoarentzat zabalik dago, bisita horretarako prestaturiko 400 metro inguruko pasabidetatik egiten da, baina labar irudiak alde sakonagoan aurkitzen dira.

Cullalvera haitzuloan publikoarentzat egokitutako zatiaren ikuspegia

Lehen artelanak sarreratik 600 metro ingurutara daude. Beste multzo bat 700 metro inguruko sakoneran kokaturiko albo areto txiki batean aurkitzen da, sarreratik 1 kilometro ingurutara beste margo batzuk daude eta azken multzo bat handik 100 metro ingurutara.

Cullalvera haitzuloko zaldi beltzaren xehetasuna

Irudien artean, animalien marrazkiak, hala nola osorik irudikatutako zaldi beltz multzo bat, eta zeinuak ikusi daitezke, bigarren hauek ugariagoak dira. Margo beltzak eta gorriak tartekatzen dira, marrak, puntu gorri multzoak… Bitxikeria bezala, bertako puntu gorri multzo bat Kantabrian sakonera handienean aurkitu den labar arte adierazpena da.

Labar irudiak Goi Madeleine aldikoa dira, duela 13.500 urte inguru eginak, Goi Paleolitoaren azken aroetako batean.

Ekainberri

Leave a reply

X