Fuente El Salín: eskuen esanahi ezkutua

Fuente El Salín Kantabriako Val de San Vicente udalerrian dago, Muñorrodero herrigunearen sarreran. Rucao mendiaren hego mendebaldeko magalaren oinean aurkitzen da, Nansa ibaiaren bokalean, kostaldetik 3 kilometrotara eta itsas mailatik 15 metrotako altueran. Itsas baliabideen ustiaketa garrantzitsua izan zen Paleolitoan, elikagai moduan, tresnetarako lehengai gisa eta apaingarriak egiteko.

Fuente El Salín kobazuloaren sarrera, Val de San Vicenten (Kantabria).

Galeriak maila desberdinetan dituen sistema karstiko baten parte da, luzea eta bihurgunetsua. Egungo sarbidea beheko mailan du, erreka aktibo batek estalia, lehorte garaian bakarrik iritsi daiteke bertara. Harkaitza oso ezegonkorra da eta harri jauzi batek sarrera estali zuen. Kantabriako Gobernuaren jabegokoa da eta itxita dago bere sarbide zailagatik.

Zeharkako eskudun zutabearen xehetasuna Fuente El Salín haitzuloan.

Irudiak 1985eko urrian aurkitu zituzten Kantabriako Espeleologia Jardueretarako Elkarteko kideek. Aztarnategi arkeologikoa eta lehen irudiak sarreratik oso gertu daude, baina goiko galerietan, uretatik urrun. Zartadurek zenbait margo kaltetu dituzte.

Fuente El Salín haitzuloko zeharkako eskuetako batzuen xehetasuna.

Eskuak eta zeinuak marraztu dira, animalia irudiren bat ere egon daitekeen arren. Ikerketak aurreratu ahala, identifikaturiko irudi kopurua gorantz doa. Marraztutako esku gehienak zeharkakoak edo negatiboak dira, baina badira zuzeneko edo positiboak ere. Ia denak gorriak dira, baina gutxienaz hiru beltzak. Marra eta puntu gorriak ere ohikoak dira.

Multzo aipagarriena harkaitz zutabe batean dago, zeharkako esku gorri multzo bat da, tamaina desberdinetakoak eta elkarren artean lotuak, beraietako hirutan eskumuturra ageri da eta apaingarriek utzitako markak izan daitezken marrak erakusten dituzte.

Aztarnategi arkeologikoko aztarnak duela 22.000 urte ingurukoak dira, Gravete aldikoak, irudiak ere garai horretakoak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X