Cueva El Porquerizo: Solutre aldiko puntuak

Cueva El Porquerizo haitzuloa Kantabriako Celis herrian dago, Rionansa udalerrian, Nansa ibaiaren gainean kokatzen den mendi malkar batean. Bertara Celiseko herri gunetik abiatzen den 300 metro inguruko bidezidor batetik igoz iristen da.

Cueva El Porquerizoren sarrera, Rionansan, Kantabria.

Labar irudiak XX. mendeko 70. hamarkadan aurkitu zituen Manuel Cos izeneko partikular batek, haitzulora iritsi eta Goi Paleolitoko fauna eta harrizko tresnen aztarnak aurkitu zituen. Aztarna horiek duela 20.000 eta 17.000 urte bitartekoak izan daitezke. Erdi Aroko zeramika aztarna bakar batzuk ere aurkitu ziren.

Kobazulo txikia da, 3 metro inguruko altuera eta 4 metro inguruko zabalera duen aho bat du, hortik 20 metro inguruko galeria bat abiatzen da, ezkerraldera jarraipen txiki bat du.

Depositu arkeologikoa sarreratik hurbileneko gunean dago, 30 zentimetro inguruko lodiera du, ezkutuka eta metodo zientifikorik gabe induskatua izan zen eta posible da informazio baliotsua galdu izana. Fauna aztarnak eta harrizko tresna batzuk aurkitu ziren, suharrizkoak eta kristal harkaitzekoak.

Cueva El Porquerizoko irudien xehetasuna.

Hiru gune apaindu daude kobazuloan, hirurak eguzki argitan. Lehen marrazki multzoa sarreran bertan dago, ildo oso sakonez zizelaturiko adierazpen ez figuratiboek osatzen dute. Bigarrena eskuineko hormako sakonune batean dago, puntu gorriz osaturiko bi lerro dira. Hirugarren multzoa hiru metro inguruko altueran dago, panel handi bat ikusten da, norabide desberdinetan antolaturiko lerro fusiforme lodiak ditu marraztuta.

Cueva El Porquerizoren sarreraren xehetasuna.

Irudiak okupazio aztarnen garai berdintsukoak izan daitezke, duela 20.000 eta 17.000 urte bitartekoak, Solutre aldikoak.

Kobazuloaren jabea Kantabriako Gobernua da eta publikoarentzat itxita aurkitzen da. Inguru honetan antzeko ezaugarriak dituzten beste kobazulo batzuk ere badaude.

Ekainberri

Leave a reply

X