ADIN BAKOITZERA EGOKITURIKO PROGRAMA BAT

Ekainek adin guztietako haur eta gazteei egokituriko hezkuntza material eta jarduerak dauzka.

Zalantzarik gabe, ikasleek historiaz eta arteaz modu atsegin eta entretenigarrian gure gida espezializatuen eskutik ikasteko leku bikaina da. Gainera, beraien pinturak egin, sua sortu eta ehizatzeko aukera izango dute.

EKAIN KLIK BATEAN

Etxetik atera gabe, Sastarrain bailara historiaurrean nolakoa zen ezagutu nahi duzu? “Ekain klik batean” bitartez inguru hauetan duela 14.000 urte bizi ziren pertsonen ehizatzeko moduak, elikadura eta artea ezagutu: txikienentzako bereziki sorturiko baliabide elkarreragilea.

LEHEN HEZKUNTZAKO 1 ETA 2: ANIMALIEI JARRAIKA

Kaixo! Kael nauzue. Ba al dakizue zenbat marrazki dauden gure etxe honetan? Ez didate askotan uzten sartzen, baina jakin badakit zaldiak, hartzak, oreinak… daudela hormetan. Nire amona baino zaharragoak dira! Elkarrekin sartuko al gara zenbat eta nolakoak diren ikustera?

Ikasleek, lehen gizakiaren garaian Sastarrain bailara inguruan bizi ziren animaliak gertutik ezagutuko dituzte. Taldetan banatu eta bakoitzak animali bat aukeratuko du, hurrengo ekintza guztiak horren inguruan burutuko dituzte. Tailerrean lehen gizakien antzera marraztuko dituzte animaliak, erreplikan zehar animali hori bilatu eta deskribatzen saiatuko dira eta erakusketa gelan ere animali horien irudiak topatuko dituzte.

LEHEN HEZKUNTZAKO 3 ETA 4: SUAREN BILA

Kaixo gaztetxoak! Nire izena Naira da. Zuek bezalako hiru seme-alaba ditut eta zaindu egin behar ditut. Horretarako nire poltsa honetan daramadan gauza bat oso garrantzitsua da guretzako. Sua egiteko behar ditudan tresnak dira. Sua zertarako? Bazkaria prestatzeko, gu berotzeko, animalia basatiak uxatzeko… eta kobazuloan sartzeko!! Ekain kobazuloan dauden altxorrak ezagutzeko sua beharko duzue, ekarri al duzue argitasuna emango dizuen zerbait?

Bi ordutan suarekin lotutako ekintzak burutuko dituzte ikasleek, horrela Paleolito garaian suak zuen garrantziaz jabetuko dira. Kobazuloko iluntasuna sentitu eta biziko dute, lehen gizakiak barrura sartu eta bertan marrazteko erabili beharko lukeen sua lortzen saiatuko dira. Erreplikara sartzeko momentuan sua linternek ordezkatuko dute eta hauen argiarekin ikertuko dituzte kobazuloa eta bertako irudiak, jolas moduan ezagutuko dute Ekain. Sua lortzeko beharrezko tresnak eta horiekin lotutako aztarnak bilatuko dituzte erakusketa gelan. Horretarako bi ikasleko linterna bat ekartzea eskatzen dugu.

LEHEN HEZKUNTZAKO 5 ETA 6: GOAZEN EHIZARA (LH)

Kaixo lagunok!! Nola duzue izena? Nondik etorri zarete? Zertara etorri zarete? A! Barkatu, Narel dut izena eta famili honetako alaba zaharrena naiz. Abenturak gustatzen al zaizkizue? Niri izugarri. Sastarrain bailaran egunero bizi ditut eta ezin duzue imajinatu zenbat gauza egin daitezkeen hemen. Kobazulo barruan animali asko daude margotuta. Oraindik ez dakit zehazki zergatik, baina niri gustatzen zaidana nire aita ehizan ikustea da. Nahi al duzue elkarrekin entrenatzea ?

Ekaingo giza taldea ehiztari-biltzailea zen. Batez ere oreinak, basahuntzak eta orkatzak ehizatu zituzten eta gure ikasleak ere horretan saituko dira. Paleolito garaiko gizakien ehiza tresnak ezagutu ondoren, azagaia, bultzagailua, uztaia eta geziarekin bazkaria lortzen saiatuko dira. Erreplikan egindako ibilbidean zehar gidak kobazuloko animaliak non marraztu zituzten adieraziko die. Labar artea eta ehizaren arteko erlazioa berezi xamarra dela ohartuko dira irudiak behatzerekin batera.

BIGARREN HEZKUNTZAKO 1 ETA 2: EHIZA EGUN BAT (DBH)

Kaixo! Nire izena Samai da eta familia honetako burua naiz. Nire lanik garrantzitsuena janaria bilatzea da. Sastarrain bailaran mugitzen diren animaliak oso ondo ezagutzen ditut eta ehizatzeko teknika guztiak menperatzen ditut. Ekain oso leku berezia da gure tribuarentzat, gure zaharrek hemen barruan gure bizitza errazago izateko erritoak egiten baitituzte. Ezagutu nahi al duzue barrutik? Eta gero nirekin ehizara etorriko al zarete?

Ekaingo giza taldearen bi ezaugarri nagusi uztartuko dituzte ikasleek, pintura eta
ehiza. Helburua galdera honi erantzutea izango da, “ehizatzeko margotu al zuten?” Horretarako, alde batetik Ekaingo kobazuloan duela 13.000 urte egindako irudiak ikertuko dituzte fitxa batzuen laguntzarekin. Bestetik, ehizaren mundura hurbilduko dira, historiaurreko armak erabiliz, janaria eta bestelako lehengaiak lortzeko estrategiak diseinatuz eta ehizatuko dituzten animaliak aukeratuz. Bi orduen ondoren ondorio argi bat behintzat izango dute, Ekainen ez zuten ehizatzen zuten hura marraztu.

BIGARREN HEZKUNTZAKO 3 ETA 4: EKAINGO ARTISTA (DBH)

Kaixo gazteak!! Nire izena Shaira da. Gure tribuko zaharrenetako bat naiz eta nire bizitzan gauza ugari ikusi ditut, baita magikoak direnak ere. Ekain kobazuloa ezagutzera etorri zarete, ezta? Hemen barruan gure arbasoek eta guk egindako margo bereziak daude. Errito bereziak eta magia egiten ditugu hemen, izpirituak gure bizitzan lagun izateko. Badakit zuen tribuan ere oso preziatuak dituzuela margo hauek, artelan deitzen dituzue eta Gizateriaren Ondare izendatu dituzue. Hobeto ezagutu nahi dituzue? Nola egin diren jakin nahi al duzue? Etorri, etorri nirekin barrura!

Bi ordutan zehar gure ikasleak Ekaingo artista bihurtuko dira. Horretarako, historiaurreko arteak jorratzen dituen bi alor nagusiak gertutik ezagutu beharko dituzte. Alde batetik kobazulo barruko artea, labar artea, ikusi eta ikertuko dute. Taldetan antolatuta eta fitxa batzuen laguntzarekin egingo dute ikerketa txiki hau erreplika barruan. Bestetik, aire zabalean eta beste euskarrien gainean egindako artearen, arte erabilkorraren, inguruko informazioa jasoko dute. Erakusketa gelan dagoen Ekaingo plaketa ikusi eta aztertu ondoren, ikasleak euren plaketa sortzen saiatuko dira.

BATXILERGOA: ARKEOLOGOA NAIZ (BATX)

Ongi etorriak Ekainberrira! Nire izena Peio da eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa naiz. Urte asko daramat Ekain eta bere margoak aztertzen. Egunero zerbaitek atentzioa deitzen dit eta egunero ikasten dut zeozer berria. Ekainberri bisitatu nahi duzue, ez? Baina ez duzue bisita arrunta egingo, ez, Ekainberriko hezitzaileek nire arkeologo lana egiten irakatsiko dizuete . Primerakoak dira, ikusiko duzue.

Arkeologoen lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikasleek bi ordutan zehar. Arkeologiaren nondik norakoak ezagutu eta egun batez arkeologoen lana burutuko dute ikasleek. Arkeologia esperimentala erabiliz Ekaingo gizakien bizimodura hurbilduko dira.
Erakustaldi baten bitartez, gidak zenbait laguntzaileren parte hartzearekin batera, gizaki haiek sua, pintura eta ehiza nola egiten zuten erakutsiko die. Taldetan banatuta erreplikara sartuko dira gure arkeologoak, bertan labar artea aztertuko dute, panelen eta irudien analisia eginez. Lan hau burutzeko fitxa baten laguntza izango dute.