La Loja: bobido handiak Asturiasen

La Loja Peñamellera Bajako kontseilu asturiarrean kokatzen da, El Mazo herrian, Deva ibaiaren arroan kokaturiko labar artedun haitzulo multzo baten barnean sailkatu daiteke.
Haran osoa menperatzen duen harkaitz malkar batean dago, ahoa ekialderantz orientatua duela. Ibaia kontrolatzen duen plataforma batek, atalondo batek eta galeria luze batek osatzen dute.

Kobazuloa eta artelanak 1908an aurkitu zituzten hurbil dagoen El Pindal haitzuloa aztertzen ari ziren ikerlariek, irudiak sarreratik gertu eta galeriaren erdialdean kokaturiko Panel Nagusian aurkitzen dira. Sarrerako irudi batzuk Brontze Arokoak izan daitezke.La Loja
1929an indusketa arkeologikoak burutu ziren, bertako aztarnategia nahiko pobrea gertatu bazen ere.
Sarreratik gertu zeinu gorri bat, alu bezala interpretatua izan den margo beltz bat eta bisonte gorri baten aztarnak izan daitezkeenak daude, baita oso higaturiko margo mantxa gorri batzuk ere.
Pixka bat aurrerago, Brontze Arokoa izan daitekeen suge formako zeinu deigarri bat eta giza irudi bat izan daitekeena daude, azkena oso leku garaian.La Loja 2
Panel Nagusia kobazuloaren erdialdean dago eta altuera handian zizelaturiko bost bobido (ziurrenik uroak) eta irudi zalantzagarri batek osatzen dute. Hasieran irudi hori taldea erasotzen ari zen otso bat izan zitekeela planteatu zen, gerora uro bat gehiago izan zitekeela.
Berezitasun bezala, hormako harkaitza manganeso dioxidozko kapa beltz batek estalita dago, irudiak kapa beltz horretan landu zituzten. Posible da manganesoa busti izana landu aurretik edo hau erori den parteetan irudi gehiago egon izana.
Irudiak datatzerakoan ere zenbait eztabaida sortu ziren arren, gaur egun Madeleine aldiaren erdi edo bukaeran kokatzen dira, duela 15.000-14.500 urte inguru eginak izan daitezke.

arazi

Leave a reply

X